Erakusketa

Aurkezpena

Euskal Artzainak Ameriketan 2011n sortutako elkartea da, eta Nafarroan du egoitza. Bere helburu nagusia AEBetan "Euskal artzain" gisa ezagutzen direnen bizimodua eta lan-baldintzak zabaltzea da. Hau da, AEBetan geratu zirenak nola bizi izan diren, nola lan egin duten eta nola itzuli diren ezagutzera ematea.

Horretarako, elkarteak argazki-panel batzuk egin ditu artzainen bizimodua erakusteko, eta hori gure historiaren zati oso garrantzitsua da.

Helmuga

Migrazio-fluxu handiena XX. mendeko 50-60ko hamarkadetan gertatu zen. Erraten ahal da Pirinioetako, Baztan-Malerreka-Bidasoko, Basaburuko, Ultzamako eta Iparraldeko ia etxe bakoitzean bazela emigratu zuen norbait.

Gehienek AEBtako mendebaldera emigratu zuten.

Garai horretan, artzainak hegazkinez joaten ziren eta lan-kontratu bati lotuta iristen ziren, kontratuan herrialdean egoteko denbora zehazten zen. Normalean, kontratu horiek hiru urte eta erdiko iraupena izaten zuten, eta beste 6 hilabetez luzatu ahal izaten ziren. Epea luzatzeko, artzainek etxera itzuli behar zuten, eta, ondotik, AEBetara itzuli.

Ogibidea

“Euskal Artzainak” bezala ezagututako pertsonak, oro har, artzain lanetan aritu ziren Mendebaldean. Langile, zintzo, eta, batez ere, hitza betetzen zuten pertsona bezala baloratuak ziren, eta, beraz, oso maitatuak izan ziren. Lan nagusia artaldea zaintzea izan zen, argazki askotan ikusten ahal den bezala. Makila edo kakoa erabiltzen zuten animaliari heltzeko tresna gisa.

Lan sasoia

Lan sasoia, nagusiki, bi zatitan sailkatzen zen:

  • Neguan artaldea luzerna landetan zaintzen zen.
  • Udaberrian, mendi-muinoetan eta basamortuan egiten zen zaintza.
  • Udan, aldiz, artaldeak basamortu eta ibarretatik mendietara eramaten zituzten 30-40 egunetarako eta ibarretan geratzen ziren artaldeak uztondoetan geratzen ziren bazkatzen. Hau Kalifornia, Nevada eta Arizonan gertatzen zen, bertan erditze sasoia udazkenean eta neguan izaten zen. Utah, Idaho eta Wyomingen, aldiz, erditze sasoia udaberrian izaten zen eta denbora gehiago pasatzen zuten mendian, horregatik lana gogorragoa izaten zen.
  • Argazkietan paisaiaren aldaketa nabaritzen ahal da; batetik, larreen idortasuna, eta, bertzetik, soroen berdetasuna. Hori dela eta, sasoi luze batean bakarrik egoten ziren, inor ikusi gabe, zakurra eta zaldiaren konpainiarekin soilik.

Arriskuak

Artzainek, gainera, han bizi ziren animalia basatiei egin behar izaten zieten aurre, eta maiz entzuten dira hartza, puma eta koioteen ehizari buruzko istorioak, baita inguru horretan oso ohikoak eta arriskutsuak diren kriskitin-sugeekin izandako pasadizoak ere.

Etxebizitza

Larrealdatze txiki horien ondorioz, eta eskualdearen arabera, artzainak estalpe ezberdinetan bizi eta lo egiten zuten: “karrokanpo” (bizileku funtzioa zuten gurdiak), gurdiak edo zuzenean izarren azpian.

Gainera, euren gauzak garraiatzeko astoak edo zaldiak erabiltzen zituzten. Hauez gain, beti laguntzen zien beste animalia bat txakurra zen, oso garrantzitsua haien lanean.

Aisialdia

Nahiz eta bizimodua gogorra izan, gozatzeko denbora ere aurkitzen zuten, adiskideak bisitatzeko, kartetan jokatzeko, akordeoia jotzeko edo palan aritzeko; horrela, haien bakardadea samurragoa zen.

Lanbidea

Artzainen betebeharrak, ardiak zaintzeaz gain, bildotsak zikiratzea, erditzean laguntzea, garraiatzeko kamioiak betetzea edo ilea moztea ziren, bertzeak bertze. Artzainen artean anaitasun sentimendu handia zegoen, horregatik eguneroko bizitzan elkarri laguntzen zioten. Urte anitz eramaten zuten artzainek maila igo eta “Kanpero” izatera pasatzen ziren. Janaria eta beharrezko bertze zerbitzu batzuk lankideei eramateaz arduratzen ziren, beren jarduerak ahalik eta normalen egin zitzaten.

Pertsona hauen lan kontratua akitzen zenean behitegietan, lorezaintzan, meategietan edo eraikuntza lanetan aritzen ziren.

Emigrazioa

AEBetara bizimodua ateratzeko emigrazioa XIX. mendearen erdialdea-amaiera bitartean hasi zen, eta emigrazio masiboa izan zen. Fenomeno hau Kaliforniako urrearen sukarrarekin hasi zen, eta, ondotik, bertze estatu batzuetara zabaldu zen, Nevada, Idaho eta abar. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran ere emakume batzuek emigratu zuten modu askean AEBetara iritsiz.

Elikagai gutxi zegoen garai honetan, euskaldunak lehenetarikoak izan ziren ardi-aziendarekin lan egiten, eta ardikia bihurtu zen meatzarien elikagai garrantzitsua.

Zure Ohoretan, Euskal Artzaina

Gazte horietako asko itzuli egin ziren, bertze batzuk AEBetan geratu ziren bizitzen, eta han kokatu ziren beren familiak osatuz. Haietako batzuek lehen sektorearekin (nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearekin) lotutako enpresak sortu zituzten, eta hemengo jendeari lana eman zieten. Hala ere, mundu guztiak gogoratzen du emigratu behar izan zuten garai hura, etxean laguntzeko edo, bertzerik gabe, lan hobea izateko.

Herrialde ezezagun batean, lan gogor batean, ulertzen ez zuten hizkuntza batekin abentura batera abiatzeko adorea izan zuten gazteak; hori bai, ilusio eta itxaropen handiarekin.

Horiei guztiei ESKERRAK ematen dizkiegu gure historiari egindako ekarpenarengatik eta hainbertze gauza erakusteagatik.

Erakusketa artzain horiei eskainia dago: joan eta itzuli zirenei, geratu zirenei, daudenei eta joan direnei.

© EUSKAL ARTZAINAK AMERIKETAN ELKARTEA | Errota/Molino, Elgorriaga (Nafarroa) +34 618 96 00 16 | E-mail